Ernesto Prat Urzainkik aurtengo (H)ilbeltza jaialdian aurkeztu zuen Mendeku eskubidea liburua eta gaur, Baztanen sortutako nobela beltz honi buruzko nondik norakoak azaldu dizkigu.

Zerk inspiratu zintuen liburu hau idaztera?

Nafarroako ikastetxe batzuetan Telleria eta gero, zer? nire aurreko nobela hasi ziren irakurtzen baina kilometro zeroko inkisizioari ez zitzaion iniziatiba gustatu. Eztabaida Nafarroako parlamentura ailegatu zen eta nobela zentsuratzen saiatu ziren. Zorionez, ez zuten lortu. Nik momentu hartan ez nuen inolako erantzunik eman baina amorrua barnean gelditu zitzaidan, askatu gabe. Denbora batera, giro bereko bertze nobela bat idatzi behar nuela deliberatu nuen, mendeku gisa, nahi dudanaz idazteko eskubidea aldarrikatzeko.

Noiz hasi zinen proiektu honetan lanean eta nolakoa izan da idazketa prozesua?

Telleria eta gero, zer? nobelako trama askatzea prozesu gorabeheratsua suertatu zitzaidan eta denbora behar izan nuen genero beltzarekin bakeak egiteko. Distantzia utzita, ideiak etortzen hasi ziren eta idazketari ekin nion. Mendeku eskubidea nobelaren kasuan erosoa eta dibertigarria izan da idazketa prozesua, asmo militanteak pisu txikiagoa zuelako nik uste. Mendekua, nonbait, modu eraikitzaile batez ulertuta, inspiratzailea izan da.

Hiru protagonista ditu liburuak. Bat, gainera, Ernesto idazlea. Nola garatu dituzu pertsonaiak?

Pertsonaia bakoitzak bere istorioa dauka, eta mendekurako arrazoi propioak, baina hirurek trama orokor bat osatzen dute, maiz gurutzatzen baitira kontakizunaren momentu ezberdinetan. Larru bertze nobelatik datorren pertsonaia da, desintoxikazio prozesuan gorabeherak dituena. Abdel etorkina da, kale saltzailea, eta ahal duena egiten du bizirauteko. Ernesto, berriz, sorkuntza krisian dagoen idazlea da eta idazteko istorio bila dabil. Baztango Gizarte Zerbitzuetako enplegu babestuan elkartzen dira hirurak, bakoitzak bere mamu eta errealitateekin.

Zure alter egoa sortzerakoan buruhausteren bat izan duzu?

Kontraesan handia da nire partetik, autofikzioa ez baitut sobera maite. Lehen zirriborroan bertze pertsonaia ezberdina zen, baina mendeku-nobela kontzeptuaren garapenak autofikziora eraman ninduen, aurreko nobelaren inguruko zentsura saiakerak salatu nahi nituelako. Ohartu orduko, traman korapilatuta bukatu nuen.

Nobela honetan misterioa, krimena, kritika soziala eta umorea bateratzen dituzu. Nola lortzen da hori?

Umorea berez ateratzen zait, nire izaeraren parte handia da eta. Umorea, gainera, defentsa mekanismo azkarra izan daiteke eta tresna eraginkorra politika eta kritika soziala egiteko. Hala ere, kasu eman behar da, batek erran zuen gisan umorea gauza serioa baita. Misterio eta krimena irakurlea lotzeko erabiltzen ditut.

Liburua irakurtzen hastean, zerekin egingo dute topo irakurleek?

Hasiera klasiko samarra dela erranen nuke, lehen orrietan hilotz bat agertzen baita. Ondotik, aipatu hiru pertsonaien artean txirikordatzen da trama nagusia, bakoitzak bere burutazio zein mendeku gose tarteko, hasierako gertaerak argitu arte.

Etorkizunerako ideia berriak dituzu? Idazten jarraituko duzu?

Zorionez horretan arras ezberdina naiz nobelan sorkuntza krisian dagoen Ernesto idazlearekin eta ideiak ez zaizkit falta. Ideiak horiek garatzeko denbora baina urriagoa zait. Maiztasun gehiago edo gutxiagorekin, beti ari naiz zerbait idazten.